«Nire familia gabe ez nuke bizitzarik edukiko»
Mikel Bereziartua · Youtuberra
Mikel Bereziartua youtuber zarauztarra bere momenturik gailenenean dago Rekadista kanalean 180.000 eta Txatarristan 45.000 harpideturekin.
Ainhoa Aizpurua Oyarbide
Bi seme-alaba dituen 43 urteko familia aita da Mikel Bereziartua (Zarautz, 1976), baina badu bere adineko jendeak izan ohi ez duen berezitasun bat: mundu osoan zehar ezaguna da bere Youtubeko kanalengatik. Zaletasuna lana bihurtu zuen eta gaur egun milaka pertsonaren entretenimendua da.
Nondik datoz zure kanalen izenak?
Nire lana eta zaletasunarekin lotuta daude. Ni Zarauzko rekadista (mezularia) naiz, egunean bi aldiz egiten dut lan Zarauztik Donostiara gauzak eramaten. 2010ean kanala ireki nuenean Rekadista Mikeltrans izena zuen, baina 1000 harpidetutara iritsi nintzenean “trans” horrek ez ninduen konbentzitzen, beraz Rekadista izatea erabaki nuen. Nire beste kanalari Txatarrista jarri nion beti txatar tartean nabilelako.
Zer modutan aldatu du zure bizitza Youtubek?
Gehienbat jendearen artean izan dudan arrakasta. Orain jendeak ezagutu egiten nau eta horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Orain denbora gehiago behar dut: lana, familia eta horrez gain bideoak editatu eta publikatzeko; baina ez dut denbora askorik galtzen editatzen.
Bideoak egiterakoan beste youtuberrengandik influentziatzen zara?
Ez, uste dut ez dagoela ni bezalako beste bat Youtuben. Bideoak egiteko erraztasuna dut, edozer gauza grabatzen dut; baina gero hori “arazo” bihurtzen da, beti grabatu dudan azkenekoa igo nahi baitut eta azkenean bideoak pilatzen zaizkit.
Famatua kontsideratzen zara?
Pixka bat. Nire bideoak 70 milioi aldiz ikusi dira. Kalean jendea begira geratzen zait eta kotxeetatik oihu egiten didate batzuetan. Udan egunero zazpi bat pertsonak idazten didate Zarautzen daudela eta ezagutu nahi nautela esanez. Gainera, mezularia naizen arren ezin dut nire buruaren publizitaterik egin; telefono zenbakia publikoki nuenean jarraitzaileek etengabe deitzen ninduten eta oraindik ere jarraitzen dute, zenbakiak sarean jarraitzen baitu.
Kotxeak ala motorrak dituzu nahiago?
Kotxeak, baina niri gauzak konpontzea gustatzen zait eta kotxeak konpontzeko leku asko behar da; horregatik ditut motorrak. 60 motor eduki ditut eta behin bakarrik eraman nuen haietako bat tailerrera, betidanik konpondu izan ditut gauzak. Bi garaje ditut, baina lokal handi bat edukitzea gustatuko litzaidake kotxeak edukitzeko eta konpontzeko.
Zeintzuk dira zure lorpen handienak profesionalki nahiz pertsonalki?
Nire lorpenik handiena dudan familia da. Gainera nire motorrekiko zaletasuna partekatzen dute eta hori bideoetan antzematen dela uste dut. Profesionalki tailer propioa izatea gustatuko litzaidake, baina oraindik ez dut lortu. Momentuz nire modura egiten dut bertan egingo nukeena.
Zerk motibatzen zaitu bizitzan?
Familiak. Familia oso garrantzitsua da niretzat, beraiek gabe orain ez nuke egiten ari naizena egingo; ez nuke bizitzarik edukiko.
Jendeak uste duen bezalakoa zarela uste duzu?
Benetan ezagutzen nauenak uste duen bezalakoa, bai. Gainerakoek nahi dutena pentsa dezatela, ezinezkoa da mundu guztiak ni atsegin izatea. Gainera pertsonaia publiko bat naizen heinean kritika suntsitzaile asko jasango ditudala barneratu behar dut, emozionalki indartsua izatea ezinbestekoa da. Nitaz hitz egin dezatela; gaizki, baina hitz egin dezatela.
Nola deskribatuko zenuke zure burua hiru hitzetan?
Autodidakta, pazientea eta emozionalki indartsua.
Etorkizunerako planik duzu?
Orain ondo nagoen arren ez dakit hemendik urte batzuetara zer gertatuko den, nire bizitza guztiz alda daiteke. Baserri bat edukitzea gustatuko litzaidake, baratza eta traktorearekin. Batzuetan nekazalturismo bat irekitzean pentsatzen dut, tailerra eta motorren museotxo batekin. Jende askok ezagutzen nauenez, nahiko bezero izango nituzke eta haiekin harreman estuago bat izateko aukera izango nuke. Baina ez dakit non bukatuko den hau guztia.