Ez dadila haria eten!
Berri Txarrak taldearen ‘Beude’ kontzertu sortako Gipuzkoako azken ekitaldia urriaren 26an, Oialumen
Ainhoa AIZPURUA OYARBIDE
25 urteren ondoren, Lekunberriko Berri Txarrak talde nafarrari agur esateko kontzertuak abian dira. Taldearen jarraitzaileek duela urte bete jaso zuten berri txarra, baina orain arte bizitakoa eskertzeko unea iritsi zaie askori 2019ko urriaren 26an, Hernanin.
Donostiatik zalez betetako autobusak gora eta behera dabiltza arratsaldearen hasieratik, Oialume Biltokiko ateak 20:30etan irekitzen diren arren. Askoren harridurarako, helduez gain, gazteak nahiz haurrak ere ikus daitezke kontzertura bidean.
Oialumera iritsi orduko agerikoa da jendeak hain gustuko duen musika entzuteko gogoa, baina aldez aurretik asko indarrak hartzen ari dira biltokiaren alboko tabernan, hau ere Oialume izenekoa. Bien bitartean, Oialume Biltokira sartzeko ilara luzean jarraitzaileak taldearen abestiak abesten ari dira, izan ere, taldeak abesti batean dioen moduan pasioa baita exigitzea zilegi den gutxienekoa.
Ateak ireki orduko jendetza bultzaka hasi da, guztiak lehen ilaran leku bat lortu nahian. Beste batzuk ordea, kontzertua hasi baino lehenagoko ordu hau merchandising gunera hurbildu eta eguneko oroigarria lortzeko aprobetxatzen dute; kamisetak, pin-ak, diskak, jertseak, partxeak, nahiz katiluak.
21:30etan ‘Beude’ abestiaren lehen akordeak entzuten hasi dira, zuzeneko musikari lagundu dien Euskal Herriko espazioei eskerrak ematen dizkiena. Jendea zoratu egin da segundu gutxi batzutan, oihuak musikaren gainetik entzuten dira,

aurreragoko ‘Oihu’ abestian baino bolumen altuagoan. Kontzertu osoan zehar sekulako giroa, alaitasuna, baina baita izugarrizko malkoak ere. Abesti zaharrak nahiz berriak abestu zituen taldeak, horien artean ‘ikusi arte’, ‘biziraun’, ‘infrasoinuak’, ‘oreka’ eta ‘FAQ’. Kontzertu honetan, abestian ez bezala, denak balio du, eta bertan izan da Tim McIlrath, Rise Against taldeko abeslari estatubatuarra ‘Denak ez du balio’ abestian laguntzeko.
Taldeak abestu duen azken kantuak, orain arte izandakoaren esanahi ezberdina hartu du, momentu hau ere etorkizunean norbaitek oroituko baitu abesti berriren batean nahiz iluntzetan. Izan ere, asko eta askoren bizitzako bidelagun izan da Berri Txarrak, eta etapa horri agur esatea zaila egiten da. Hala ere, taldeak bere bidea jarraitu ez arren, jarraitzaileok oihu egiten jarraituko dugu, arimak urratu arte. Ez dadila haria eten!
![]() 20191026_225544 | ![]() 20191026_225628 | ![]() 20191026_225543 |
---|---|---|
![]() 20191026_225540(0) | ![]() 20191026_233831(0) |