top of page

ANTOLAKUNTZA

Kilometroak jaira gerturatu ziren eta gurekin hitz egin zuten guztiek aipatu ziguten aurtengo antolakuntza paregabea izan dela. Egunaren hasieratik, autoak, autobusak nahiz autokarabanak herrira sartzen ziren unetik presente zegoen antolakuntza; nondik sartzen ziren arabera, zeuden 5 aparkaleku ezberdinetakoren batera bideratzen baitzituzten boluntarioek. Bestalde, aniztasun funtzionala zutenentzat Salbatore Mitxelena Ikastola alboan zegoen aparkalekua erabiltzeko aukera zuten, ibilbidean kokatua. Bestetik, hauentzat HURA gunera igotzeko doako garraio zerbitzua egon zen Ikastolako gunetik.

Urriaren 5eko 20:00etatik jaia bukatu arte, ibilbidearekin topo egiten zuten errepideak itxita egon ziren, bisitarien nondik-norakoak ez oztopatzeko eta segurtasuna mantentzeko.

​

Segurtasuna eta erosotasunarekin bat, hiru puntu more kokatu ziren ibilbideko hiru guneetan. Boteretzeko, informazioa partekatzeko eta eraso sexistei erantzuteko prestatu ziren gune hauek, bertan emakumeak nahiz gizonezkoak zeudelarik. Lehenengo gunean, Malekoian, kokatuta zegoen puntu moreko boluntario zen kide batekin hitz egiteko aukera izan genuen eta gune hauen nondik-norakoak azaldu zizkigun laburki EHU-UPVko irakasle denak.

Aipatzekoa da baita ere ibilbide osoan zehar mantentzen zen garbitasuna eta ordena. Hondakinak gaika sailkatzeko edukiontziak zeuden nonahi eta eskertzekoa izan zen bisitarien laguntza hauek erabiltzen. Edukiontziak erabiltzen ez zituzten haientzat, dezenaka boluntario ibili ziren lurreko zaborrak jasotzen eta ingurunea behar bezain garbi mantentzen. Hondartza garbi-garbi mantendu zen egun osoan zehar, Zarauzko gainerako jaietan gertatzen ez den bezala. Baina ez zen ingurunearen garbitasuna bakarrik hartu kontuan, baita komunetakoa ere. Bati baino gehiago entzun genien esaten "ze garbi dauden komunak, papera eta guzti dago!". Guztiok dakigu jaietan jartzen diren komunak normalean zikin-zikinak egoten direla eta ia inoiz ez dela komuneko paperatik egoten; baina Zarauzko Kilometroetan hau bereziki ondo zaindu zuten. Egun osoan zehar boluntarioak egon ziren komunen kanpoaldean noizbehinka hauek garbitzeko eta behar zenean komuneko papera jartzeko.

​

Egitarauari begira, adin eta gustu guztientzat pentsaturikoa izan zen. Horrela, bisitariak uneoro izan zuten gustuko zerbait, bai etxeko txikitxoek, bai gazteek eta bai helduek. Orotarikoak izan ziren ekintzak, musika emanaldietatik hasita, sukaldaritza tailerretaraino jarraituz. 

​

Elikaduraren aldetik ere gustu guztientzako aukerak izan ziren. Txosnetako ohiko pintxoez eta ogitartekoez gain, makarroiak eta albondigak ere izan ziren oso prezio eskuragarrian.Txosnetako janaria gustuko ez zutenek edo moko finagoa zutenek ere aukera izan zuten gustura elikatzeko: Antoniano Kirol Elkartean jangela prestatu zuten Lumagorrirekin elkarlanean menuak eskeintzen eta Ikastolan, Izeta sagardotegiko menua izan zuten eskuragarri. 

Alkoholaren kontsumoari begira, antolakuntzakoen argi utzi zuten txosnetan ez zietela inondik inora ere adin txikikoei alkoholik salduko, baita bete ere. Hala ere, gainerako urteetan bezala, gazte asko izan ziren edari alkoholdunak herritik kanpo erosi eta bertaratu zituztenak.

Txosnetan eta jangelan boluntario gisa ibili ziren hiru gazterekin hitz egin genuen beraien egitekoei eta iritziei buruz:

Egilea: Ainhoa Aizpurua

© 2019 LEA - KILOMETROAK 2019 Zarautz

bottom of page