top of page

ABESTIA ETA BIDEOKLIPA

Itsasotik zeruraino
urdinean urdinago,
herria dut, herria naiz,
ikastolatik harago.
NI naiz abiapuntua,
NI naiz hitzaren arnasa,
NI naiz harri-koxkorrekin
eraikitako jolasa.

​

NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
JAUZI EGINIK GURA
NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
IKASTOLA MUNDURA!

​

HI haiz behinola egin zen
habia baten oraina,
geroztik nor babestua
izan duena ordaina.
Inoiz baino ederrago,
inoiz baino berdeago,
bide hontan emandako
pauso bakoitzean hago.

​

NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
JAUZI EGINIK GURA
NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
IKASTOLA MUNDURA!

​

HURA putzu more bat da
eta putzuaren jiran
mamorruak hor dabiltza
algaraka kalejiran.
Patinetez, bizikletaz
edo eskutik helduta,
irten gaitezen mundura
mundua zain daukagu ta!

​

NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
JAUZI EGINIK GURA
NI, HI, HURA… NI, HI, HURA…
IKASTOLA MUNDURA!

Zarauzko Kilometroak-eko abestia dantzatzera eramaten gaituen swing musikaren doinuz jantzirik dago. 'Ni, Hi, Hura... ikastola mundura!' lelopean, talde-izaera jasotzen du:

NI

2019ko Kilometroak jaian Zarautz herriak duen garrantzia adierazten du. Zarautzen hasi da guztia, herria gabe ez litzateke jairik egongo. Urdina eta itsasoa, herriarekin hain lotuta dauden bi ezaugarriak erabiltzen dira horretarako.

HI

Ikastolen adierazgarri da. Urte askotan zehar izugarrizko lana egin da hauek aurrera eramateko auzolanaren bitartez, lan guzti honen parte dira Kilometroak. Ikastolak inoiz baino indar handiagoa dute, horrekin lotzen dute kolore berdea, ikastolak "loratzen" ari dira. Bestalde, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolaren kolore adierazgarria da berdea.

HURA

Horren beharrezkoa den feminismoaren adierazgarri. Edonon, edonola, edonoiz, jaia feminista izango da edo ez da izango jairik. 2019 urteko jai honetan oinarrizkoa izan da feminismoa Kilometroak behar bezala aurrera eramateko.

Norbanako bakoitza ezberdina izan arren, bakoitza "mundu bat" izan arren, NI, HI eta HURA elkarlanean arituz, auzolanean, guztiak munduratuko gara elkarrekin.

Egilea: Ainhoa Aizpurua

© 2019 LEA - KILOMETROAK 2019 Zarautz

bottom of page